Kalifornia programan Luis Mendizabalen eskutik

Luis Mendizabal EITBko kazetari ezagunak gabonetako bueltan deitu zidan elkarrizketa programa berri bat prestatzen ari zela, "Kalifornia" deituko zena, eta blogean egin zituen nire irakurketak zirela medio, elkarrizketagaitzat nahi nindukeela. Enbitea onartu nuen eta urtarrilaren bukaran-edo grabatu genuen elkarrizketa.

Orduan oraindik liburuaren azken ukituekin ari ginen; martxoa bitarte ez genuen izan esku artean eta aurkezpena apirila bukaeran egin genuen. Beraz, honetaz ez zidan galderarik egin normala denez (Beste batean ote?). Hala ere, logikoki, galdera-erantzunak nik une hartan (eta orain) nerabilzkien gogoeten inguruan izan ziren, eta beraz, "Eraldaketarako Gidalerroak" testutik hurbil-hurbil.

ETB3n nire elkarrizketaren Kaliforniako saioaren lehen emanaldia aste honetan izan da, eta oraintxe bertan errepikatzen ari direla abisua eman berri dit Alberto lankideak. Ikusle baten posta mezu atsegina jaso ere egin dut goizean eskerrak emanez eta bere adostasuna adieraziz aipatzen nituenekin eta lanean jarraitzeko animatzen. Ez dut bere izenik emango, ez baitakit hori atsegin izango zukeen ala ez.

Ekainaren 22
an ETB1ek emango du, 23:30etan; eta ETB SATek, berriz, ekainaren 25ean 21:50etan, nire informazioak zuzenak badira.

Anekdota moduan, atsegina izan zen elkarrizketa bukatutakoan nola hurbildu zitzaizkidan kameragizon bat eta audio arduradun bat entzundakoarekin oso identifikatuta sentitu baitziren, eta esaten zuten gogoeta prozesu anitz eginak badituzte ere, eta batzuk, denon partehartzea eskatzen zutenak, gauzak ez direla aldatu izan, ez dela sekula beren laneko erlazio dinamika ukitu, beraien lana sortzailea eta ezagutzarena den arren nola beraien jefeak hartzen dituen erabakiak gaiaz gutxiago jakinik, beharbada, nola norberaren lana eta bizitza uztartzeko garrantzitsuak diren informazioak ezagutzea ezinezko gertatzen den...

Aurrerago, beste informaziorik ere gehituko dugu...

Eraldaketarako Gidalerroak

Martxoan nik idatzitako "Eraldaketarako Gidalerroak" argitaratu zen.

Paperezko edizioan liburua alde batetik hasita euskaraz da eta bestetik hasita, berriz, gazteleraz. Edizio digitalean ere argitaratu da, pdf formatoan nornahik eskura ahal izateko.

Kontziente naiz liburuak ohikoak ez diren ideiak eskaintzen dituela, nagusi diren jakintza konbentzional asko auzitan jarri nahirik. Askoren hitzetan, begibistakoak dira aipatzen ditudanak, logikoak, obioak, baina begibistan da jokabideen logika gaur-gaurkoz beste ildo batetik doala. Nire helburua eztabaida mahai gainera ekartzea izan da. Horrexegatik, liburua aitzakia harturik-edo, modu eta alor desberdinetan eztabaida eta elkarrizketak egiten ari gara bere inguruan.

Honetaz guztiaz informazio gehiago hemen:

Agurra zor nizun, Mikel

Aho-zulo pozoitsuetatik
hitz zornedunak heltzen zaizkit
zenbaiten buruetan zein mamu gaizto dabil
begiradarekin hil nahi nautenean, ze egin?
zentzuak egin nau arau-fosilen etsai
nora noan ez dakit, baina nondik noan bai!
Mila begi gainean
mila hitz aidean
denen bide berean
nik ez dudalako joan nahi!
Gurutzea, kateak, molde zaharrak oinarrian
berdin ez izatea traizio den herrian
eskema kuadratuak denborak zartatu ditu
lehengoen oin-urratsak berriz zertan jarraitu?
Gurutzea, kateak, molde zaharrak oinarrian
berdin ez izatea traizio den herrian
neri ez deitu arrotz, ez berezi, ez arraro
soilik ez dut izan nahi kopia bat gehiago

Maialen Lujanbioren hitzak dira, Mikel Errazkinek musikatuak.

Mikeli egindako omenezko diskan, iragan azaroan kaleratutakoan, kantu honen bertsio zoragarria egina diote Olatz Praten ahotsean. Benetan hunkigarria, barruraino iristen zaizun horietakoa. Eta hunkitu ninduen -eta nola- omenezko kontzertuan kanta horrek eta beste askok ere bai... Baita gora begiratuz musikari bakoitza Mikeli zuzentzen zitzaionean hitz goxoren batekin...

Agurra zor nizun, Mikel, zorigaitzeko irailaren 5 hartatik... Zure barrearekin geratuko naiz, nire burutazio xelebreren batek lehertarazten zizun barre zaratatsu eta kutsakor hura geratuko zait gogoan zure irudi...