Talde-lanaren inguruan

Gaur elkarlanaz eta taldean lan egiteaz jardun dugu hizketan. Eta gogoeta bat piztu dit gaiaren inguruan. Batzutan taldean lan egiteaz hitz egiten dugu, benetan horren esanahiaren hondora sakondu gabe. Eta ez esanahia konplexua delako, gauza ulergaitza, baizik eta elkarlan hitza gure diskurtsoan sartu eta horrekin egina dagoela pentsatzen dugulako. Eta elkarlana ez da diskurtsoaren planoan gertatzen, akzioaren planoan baizik, jardunean, lanean. Begibistakoa, ezta?

Zenbait enpresek eta antolakundek beren barneko kulturaren adierazgarrietako bat “elkarlana eta talde-lana” direla esaten dute. Polita geratzen da. Baina praktikan enpresa edo antolakunde batean taldean lan egiten dela esan genezake, baldin, eta soilik baldin, bertan osatzen diren lantaldeek -espontaneo edo zehaztuek- lantaldeko emaitza ona ematen badute. Hau da, esan bezala, talde-lana, lanean ikusiko dugu benetan, eta ez diskurtsoan.

Taldean lan egitea ez da asmo onen artean bota eta hor geratzen den zerbait, beraz, baizik eta, taldea osatu eta lanean hastea eskatzen du. Lantalde irekiek potentzialtasun handia dute, norberaren sormena eta ezagutza desplegatzeko aukera ematen baitute. Eta horrek lantaldearen emaitza oso ona izatea ekar dezake.

Lantalde irekiaz ulertzen dugu, taldekideek beraiek eraikitzen joango diren lantaldea, aurrez gutxi definitua. Zenbat eta itxiago izan sormena eta ezagutza desplegatzeko aukera gutxiago ematen ditu, eta hala bere potentzialtasuna txikitzen da.

Baina galde diezaiokegu geure buruari: Ez badago oso definitua, ez badago eginbehar bat onartu genuen planean ezarritakoa, zer da orduan lantaldea eragiten duena? Ez al da itzaliko eta edukinik gabe geratuko? Lehenik esan, taldeari esanahia taldekideek emango diotela, eta baita edukina eta gorputza ere. Bestalde, esango nuke, talde-lanaren osasuna hiru faktore hauen menpe egongo dela:
  • Ezinbestekoa da ulertzea talde-lanak lanarekin zerikusia duela. Hau da, lantaldea hitz egiteko soilik biltzen bada eta ez bada akziora pasatzen, ez bada gai gertatzen definitutako asmoetatik lan modu kooperatiboak sortzeko, benetako elkarlanera ez goazela esan dezakegu.
  • Taldelana taldekideen artean sortzen diren konexioen araberakoa izango da. Konexiorik eza azken batean talde-lanik eza da. Konplizitatezko, ilusiozko, elkarri kemena emateko konexioak daudenean, berriz, talde-lanaren osasunaz modu positiboan hitz egiten has gaitezke.
  • Eta azkenik, taldearen helburu edo proiektuarekin norberak dauzkan konexioak talde-lanaren osasun eta indarraren beste termometroa izango dira. Eta honekin loturik, taldekideak lantaldeari ematen dion garrantzia, zenbateraino utziko dituen beste gaiak talde-lanarenak atenditzeko, etab.

Interesgarria da aztertzea orain arte elkarrengandik banaturik lan egiten aritu diren departamentuek nola egin dezaketen bide bat elkarlanerantz. Suposatuz, egitura osoa ez dela aldatzen baizik eta elkarlana modu natural batean bultzatu nahi dela, norberak lehendik zeuzkan ardurak eta lanak bere gain edukitzen jarraitzen duelarik, ezinbesteko izango dira talde-lana bultzatuko duten faktoreak, hau da, goian aipatuak.

Gerta daiteke faktore hauek modu naturalean sortzea. Bat-batean, konexio maila ona dagoelako, espontaneoki proiektu bat definitzen da eta bere lantaldea eta martxan jartzen da. Baina, gerta liteke baita ere, inertziak nor bere lanetara eta ohiko konexioetara eramatea, inongo talde-lanik gertatu gabe departamentuen artean. Arrisku hau dagoenean, oso gomendagarria gerta daiteke, departamentuen artean proiektu transbersalen bat definitzea beraien arteko talde-lanaren ernamuin izan daitekeena. Nola? Zenbait ohartxo…
  • Nork bere lanak ditu, denak leporaino. Beraz, proiektua oso praktikoa izatea komeni da, talde-lanaren emaitzak ikusteko. Emaitzarik garrantzitsuenak konexio positiboak dira (feeling ona, ilusioa, motibazioa, giro ona, proiektuarekin bat egitea, etab.).
  • Lantaldea izen eta abizenez definitu behar da, eta beharrezko ikusten bada arduradunen bat ere bai. Taldea osaturik dagoenean denek hartuko dute helburu bezala elkarren arteko konexioak bultzatzea eta sor litezkeen gatazkak konpontzea.
  • Proiektuaren dedikazioa estimatu beharko da, bakoitzak bere ohiko lanetatik tartea atera beharko duelako honetarako.
  • Proiektuaren edukina edozein izan daiteke, baina, lantaldearen arrakasta taldekideek proiektuarekiko egiten duten lotura emozionalaren araberakoa izango da.
  • Taldekideek dute proiektuaren inguruan hartu behar diren erabaki guztiak hartzeko ahalmena, hala nola, kanpo harremanak, edukia, difusioa, etab. bai eta proiektua bukatutzat ematekoa ere. Honek lantalde irekietarako bidea ahalbidetzen digu. Lantalde zuzenduen potentzialtasuna askoz ere eskasagoa da.
Bai, baina, norbaitek esan lezake gerta litekeela taldekideen artean honela lan egiteko ohiturarik ez dagoenean metodo arazo batekin aurkitzea, eta lantaldea ez desplegatzea. Zer egin? Horrek soluzio nahikoa erraza dauka. Horretarako dinamizatzaileren bat sar daiteke lantaldean bere funtzioa edukinetan sartu gabe lantaldea dinamika egokitan sartzea izango delarik.
Ea gogoetatxo honek laguntzen digun elkarlanerako bide berriak eraikitzen...

No hay comentarios: